berria.info

”Nafarroako Hitza”.

Ostirala, 2012ko ekainak 8a.

Kontu kontari.

 

Aitzol Lasa. Irakaslea.

 

“Hodeietan” zientzia dibulgazioko liburua argitaratu berri du Aitzol Lasa matematikariak. Orain, buru-belarri dabil tesian, baina halako liburu gehiago idatzi nahi ditu luze gabe.

 

“Elhuyarren moduko taldeei esker da loraldian zientzia dibulgazioa”.

 

Naiara Elola. Iruñea.

 

Matematika irakaslea da Aitzol Lasa (Barañain, 1978) NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Denbora batez, Elhuyarren aritu da lanean zientzia dibulgazioko erreportaje eta albisteak idazten. Bide horretatik jarraituz, zientzia narrazioko Hodeietan liburua kaleratu berri du, iragan urtean CAF-Elhuyar saria irabazteagatik aukera hori sortuta. Igandean, 12:00etan aurkeztuko du Iruñeko Gaztelu plazako liburu azokan.

 

Matematikaria zara ofizioz, eta idaztea da zure afizioa. Bi sari jaso dituzu idazle gisa; horrek bidea erraztu dizu?

 

Lehenengo saria 2009an eman zidaten; nahiko sari txikia zen. Barañain Hiria literatur lehiaketaren barruan zenbait kategoria daude, eta horietako bat Aipa ditzagun emakumeak zen. Irakasle gisa udan denbora libre dezente izaten dudanez, saiakera bat idazteko aprobetxatu nuen, eta sari hori irabazi nuen. Baina idazteko zaletasuna Elhuyarren lanean hasi nintzenean sortu zitzaidan. Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkarirako artikuluak idazten nituen. Horrez gain, Euskadi Irratiko Norteko ferrokarrila saioan kolaboratzen nuen, eta ETB1eko Teknopolis saioan erredaktore gisa aritzen nintzen.

 

Barañaingo saria txikia zela esan duzu. Sariketa garrantzitsuetan ere garaile izan zara.

 

Bai, Barañaingo saria txikia zen, baina CAF-Elhuyar saria oso handia dela esan dezaket, eta niretzat oso pozgarria izan da. Jendeak uste du Elhuyarren bi sari eman dizkidatela, baina bakarra da. Gauza da iaz eman zidatela saria liburuaren proiektuagatik. Sari horrek ahalbidetu du Hodeietan liburua idaztea.

 

Saria liburua publikatzea zen?

 

Hori da, liburuaren proiektuagatik saritu ninduten, eta saria liburua idatzi eta argitaratzea izan da. Zientziak eta letrek badirudi elkarren aurka egiten dutela, ezin direla biak gustuko izan. Topiko hori haustea izan da xedeetako bat. Asmoa gaztetxoentzako zientzia dibulgazioa egitea zen. Ezinbestekoa zen istorioa freskoa eta nerabeen interesekoa izatea. Zer hobe horretarako maitasun istorio bat baino?

 

Maitasun istorio baten bitartez azaldu dituzu zientziaren sekretuak?

 

Bi pertsonaia nagusi dira, Hodei eta Estibalitz. Hodeik Estibalitz seduzitu nahi du. Baina hura letretakoa da, eta neska, berriz, zientzietakoa. Gustuko neskarekin ibili nahiko badu, zientzien munduan murgildu beharko du.

 

Esan liteke zientzia dibulgazioa modan dagoela?

 

Jendeari kalean galdetuz gero Redes saioa ikusi duen, erantzungo du inoiz ikusi duela edo gustukoa duela. Horrek erakusten du badagoela horrelako gorakada bat. Baina gorakada hori lortu da zientziaren dibulgazioan lanean aritzen direnen lanari esker. Hau ez da egun batetik bestera gertatu. Besteak beste, Elhuyarren moduko taldeei esker da loraldian zientzia dibulgazioa.

 

Hodeietan liburuaren harira pare bat anekdota gertatu zaizkizu.

 

Bai, horrela da. Hodeietan liburua editatzen ari ginenean, Sonia Fernandez Vidalen Quantic love izeneko liburua argitaratu zuten. Hain zuzen ere, maitasun istorio bat oinarri hartuta egiten du kasu honetan fisika kuantikoaren dibulgazioa. Pentsatu nuen aurreratu egin zitzaidala, ideia bera zelako: Maitasun istorio bat erabiltzea zientziarekin lotura duen gai bat garatzeko.

 

Beste anekdota bat da Donostiako Physics Centerren orain sei hilabeteko proiektu bat garatzeko jende bila dabiltzala. Bildu nahi dituzte zientzialariak eta idazleak. Asmoa da, alde batetik, ikustea idazleek zer ekarpen egin ahal duten zientzia dibulgazioaren alor horretan. Bestetik, jakin nahi dute zientziak eta zientziaren jakintzak zer-nolako ekarpena egin diezaiokeen literaturari.

 

Gero eta gertuago daude zientzia eta literatura?

 

Nik uste bi eremuen arteko distantzia murrizten ari dela. Gizarte tekniko-teknologikoan bizi gara. Nobela batean zientzia gaiak lantzea gauza normaltzat jo behar dugu. Orain, ausartuko nintzateke esatera genero gisa jaiotzen ari den zientzia-narrazio generoa literaturan integratuko dela. Gero eta ohikoagoa bihurtuko da zientzia gaiak lantzen dituzten liburuak plazaratzea.

 

Ezagutzen eremuen banaketak badu zerikusirik fenomeno horretan?

 

Bai. Gaur egun, gizartea egituratzen ari den modura, behartuta gaude asko jakitera hainbat alorretan. Garrantzitsua da denetarik pixka bat jakitea. Hori beharrezkoa da, eta beharrezkoagoa izango da hemendik aurrera.

 

Fenomeno horretan zerikusirik badu zientzia dibulgazioan asmatu izanak?

 

Alde batetik, argi dago zientziari buruz idazteko jakin beharra dagoela zeri buruz idazten ari den. Bestela, arrisku handia dago huts larriak egiteko. Kazetaritzan askotan gertatzen da. Kazetariak behartuta daude askotan oso ongi menderatzen ez dituzten gaien inguruan idaztera. Horregatik gertatzen dira hanka sartzeak. Literatura honek duen arazoa hori da. Kontzeptu zientifiko bat gaizki interpretatuz gero, gezurra esaten da. Fenomeno zientifikoak edo fisikoak zailak eta konplexuak dira. Beraz, konplexutasun hori sinplifikatzen denean, egia ez den zerbait helarazten da. Idaztean okerren bat egiteko arriskua beti hor dago, baina beste generoetan baino presenteago izan behar da gai zientifikoak lantzean.

 

Zure etorkizuneko proiektua? Momentu honetan, tesia. Matematikaren irakaskuntzan programa informatikoen egitekoaz ari naiz tesian.

 

Zientzia dibulgazioaren eremuan, zein liburu gomendatuko zenuke? Simon Singh idazlea atsegin dut. Matematika dibulgazioari buruz liburu asko egin ditu, eta nik uste benetan gomendagarria dela haren lana.